
Aurten, martxoaren 10etik 14ra bitartean, Arabako Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren hirugarren edizioa izango da Gasteizen eta Laudion.
Bost egunez, literaturaren inguruko elkarrizketak, mahai inguruak, irakurketak, euskarazko tailer bat eta musika eta zinema izango dira protagonista.
Prestigio handiko idazle batzuk izango dira bertan, hala nola, Fernanda Trías, Manuel Rivas, Itxaro Borda, Juan Garzia, Irene Reyes-Noguerol, Xan Idiart, Uxue Alberdi,… 2025eko Aldecoa saria irabazi zuen Fernando Garrigaren Un bucle de tiempo lana aurkeztuko da, eta 2025eko Aldecoa beka eskuratu zuen Ruben Sánchez Bakaikoak ere parte hartuko du programan.
Gaur, hilak 11, Ipar Euskal Herriko literatura eta ipuingintza, gaur izeneko mahai ingurua antolatu da Ur Apalategi, Itxaro Borda, Xan Idiart eta Irati Majuelo idazleekin. Ostegunean Euskarazko ipuingintza berria eta zientzia-fikzioa izenekoan Ruben Sánchez Bakaikoak (2025eko Aldecoa bekaren irabazlea), Patxi Iturregik eta Txani Rodriguezek hartuko dute parte.
Bestalde, hibridazio artistikoaren aldeko apustua indartuko da, eta literatura eta musika loturik etorriko dira Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrietaren eskutik. Eta literatura eta zinema lotzen dituen eta José Ovejerok gidatuko duen saio bat ere antolatu da.
Programazio guztia hemen kontsultatu ahal duzue.



