MUSIKA

Willis Drummond eta Inoren Ero Ni taldeen disko berriak Bilbon entzungo dira

Willis Drummond eta Inoren Ero Ni taldeek disko berriak aurkeztuko dituzte Bilboko Kafe Antzokian ostegunean, 21:30etik aurrera. Kontzertua Udagoieneko Ostera 2016 egitarauaren baitan ondu da.

Willis Drummondek hasiera berri bati heldu dio Tabula rasa izeneko diskoaren bitartez. Haustura horretan sakontzeko, Joseba B Lenoir taldekide finko fitxatu dute, eta estreinakoz, ekoizle batekin aritu dira estudioan, Burke Reid (The Drones, Courtney Barnett…), zeinak A ala B nahastu zuen. Diskoa garai berri baten emaitza da, aldaketez josia. “Fase berriek beldurra sorrarazten dute, baina ez da gure kasua, pozik baikaude”.

Inoren Ero Nik, bestalde, duela gutxi plazaratu du lan berria, INNEI. Euren hitzetan lan berria hala dator: “Entzun. Erantzunik ez duzu izango. IENNEI ez da erantzunen asmatzen hasteko abagunea. Bestelakoa du palindromoaren korapiloan asmatu musikak apeta. Halakoa diskoaren izenburua. Jarri ispiluaren aurrean taldearen izenari dagozkion siglak eta bueltakoan jasoko duzu emaitza”. Proiektu ezaguna da Inoren Ero Ni, eta taldekideak, halaber, ibilbide luzeko musikariak: BAP!, Anari, Lobo Eléctrico, Cápsula…

Informazio gehiago: kafeantzokia.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button