
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketa bigarren fasean sartuta dago eta asteburu honetan, 3. finalerdia jokatuko da Amurrion. Bertan Aiaraldeko Altubepekoak, Mendialdeko Bertsoespuela eta Trebiñuko Jainkoaren seme-alabak taldeak bilduko dira.
Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak Gasteizko finalean izango dira, apirilaren 5ean. Dagoeneko 4 gara eta Pinto pintto taldeak sailkaturik daude.
Finalaren egunean eguerditik arituko dira kantuan 4 taldeak Gasteizko kaleetatik, bazkaria eta ondoren bi onenen arteko finala jokatuko da. Puntuazio handiena lortzen duena izango da 2025ko Arabako Kuadrilla artekoaren irabazle.
Urtarrilaren 22an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean, lau astez 14 kuadrillako bertso egun antolatu dituzte. Bigarren fasean talde bakoitzak finalerdi batean parte hartuko du, lehen finalerdia Narbaizan jokatu zen, bigarrena Aramaion, biharkoa, Amurrioko Mendiko eskolan, eta azkena martxoaren 23an Gillernako txokoan.