IKUS-ENTZUN

“Woman of the Year” komedia klasikoa pantailaratuko dute Donostian

Nosferatuk abiatutako Screwball generoko komediei buruzko zikloaren baitan, gaur, Tabakaleran, 20:00etatik aurrera, George Stevens zinegileak 1942an estreinatutako Woman of the Year emango dute, Spencer Tracy eta Katharine Hepburn aktore kementsuek antzeztua. Jatorrizko bertsioan aurkeztuko da, euskarazko azpitituluekin.

Donostia Kulturaren arabera, Hollywoodeko komedia klasikoaren urrezko aroa osatzen dute Screwball generoko komediek. “Komedia ludikoa zen, zoro samarra, batez ere inkonformista, ia beti menderaezina, apur bat slapstick-a eta erabat asmaezina; “portaera onaren” arauak hankaz gora jartzeko eta istorio askoren atzean dagoen oligarkia ekonomiko aberatsaren balio tradizional eta patriarkalak urratzeko joera zuena, esate baterako”.

Gaur pantailaratuko den filmak, bestalde, gero bikote izango ziren Spencer Tracyk eta Katharine Hepburnek elkarrekin antzeztutako estreinako filma izan zen; zortzi film gehiago egin zituzten elkarrekin eta bere harremana 20 urte inguru iraun zuen. Adam’s Rib (George Cukor, 1949) eta Guess Who’s Coming to Dinner (Stanley Kramer, 1967) dira elkarrekin antzeztutako film azpimarragarrienetarikoak.

Woman of the Year filmak hauxe kontatzen du: “Tess Harding nazioartean izen handia duen politika-arloko kazetaria da eta Sam Craig kirol-arloko kronikari bat da, biek egunkari berean egiten dute lan. Erredakzioan ezagutzen dute elkar eta oso ezberdinak diren arren, edo, agian, oso ezberdinak direlako, berehala hasten dute ezkontzarekin amaituko den harremana”.

Informazio gehiago: donostiakultura.eus.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button