
Lekeitioko Udal Bandak kontzertua egingo du ostiralean, uztailak 13, Delirium Tremens taldeko kantari eta gitarra jotzaile izandako Andoni Basterretxearekin batera, 23:00etan. Orotara, Mutrikuko rock taldearen lau kantu klasiko joko dituzte: Ikusi eta ikasi, Kaixo, Ihes eta Boga-Boga.
Bizkaiko kostaleko Udal Bandak musikariak edo bertsolariak gonbidatzen ditu urtero kontzertu batera, tartean, Oreka TX taldea. Delirium Tremenseko Andoni Basterretxearekin gauzaturiko elkarlan honek, baina, hautsak astindu ditu. Izan ere, duela 21 urte Basterretxea ez dela agertoki batera igo.
Badok.info webgunean jasotzen denez, “euskal rockaren bigarren kolpearekin batera 1985. urtean Mutrikun (Gipuzkoa) sorturiko taldea da Delirium Tremens. Hiruko gisa abiatu zuen ibilbidea, baina Iñigo Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi) batu ostean laukote bihurtu, eta horrela jarraitu zuen 1991 arte, desegin arte. Andoni Basterretxea kantariaren ahots urratuak, gitarra jotzeko era bereziak eta kresal usaineko hitzek nortasun berezkoa eman zioten Delirium Tremensen musikari”.
Mutrikukoek hiru disko argitaratu zituzten: Ikusi eta ikasi (1989) eta Hiru aeroplano (1990) Oihuka zigiluarekin, eta Bilbo zuzenean. 91-5-24 (1991) Esan Ozenkirekin.



