MUSIKA

Antton Valverdek Donostiako “Ganbera Musika Astean” parte hartuko du

Donostia Musika elkarteak ekainaren 19tik 27ra bitartean antolatu du Ganbera Musika Astea. Kontzertuak Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian izango dira.

Denetarik entzun ahal izango da, tartean, Piazzollaren tangoak, musika barrokoa Musikeneko ikasleen eskutik, Bach eta Haendel Enrike Solinisek interpretatuta, Mozarten Il re pastore operaren bertsio erdi eszenaratua, Dúo Cassadó bertutetsua eta Marta Zabaleta eta Miguel Borges piano-jotzaileek Stravinskiri egingo dioten omenaldia.
Baina horiez gain ere, euskarak presentzia izango du Antton Valverderen azken lanari esker: Gaua. Ausentziaren Itzala. Disko intimista da, apainduratan urria eta fin-fina, presarik gabe gozatzeko modukoa.
Antton Valverdek pandemia-garaiak eman dion lasaitasun egoeran prestatutako lan horren perla Harkaitz Canoren poesiak inspiratu dion Sei silabako gauak abestia da. Izan ere, abesti hori hiru hizkuntzatan grabatu du, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
Musika moldaketetarako, zenbait kantatan Karlos Gimenezen laguntza izan du. Grabatu, berriz, Victor Sanchezek egin du, Elkar estudioetan. Francisco Herreroren (biolina eta biola) eta Ivan Carmonaren (biolontxeloa) laguntza ere izan du Valverdek.

Ganbera Musika Asteari buruzko datu guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button