
Otsailean egin zen BIRA, Café Bar Bilbao, 7Katu gaztetxe, AEKren Kalderapeko eta Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatutako Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren zortzigarren edizioa.
Aurten, Ipar Euskal Herriari begira jarri da Lautan Hiru, lelo hau baliatuz: Iparra galdu dugu! Hortaz, bi ikuskizun berezi eman ziren Bilboko Zazpikaleetan: Pantzo Hirigarai baxenabartarraren Hautagaia eta Itzuli konpainiaren Adriene Bergson-Johnson bakarrizketa.
Eta iazko esperientziari eutsiz, gaur berton, apirilaren 17an, antzerki saioa izango da Baionako Biltxoko espazioan (19:00etan). Hor ere, Hirigarairen Hautagaia eta Gehibat antzerki konpainiaren Zaku berekoak piezak ikusi ahalko dira.
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, eta 2025eko laguntza, Gehibat konpainiak eskuratu du, Zaku berekoak antzezlanagatik. Otsailaren 5ean, Euskaltzaindiaren egoitzan estreinatu ostean, gaur ere ikusteko abagunea izango da.



