ESZENA

“Antigona” tragedia klasikoaren bertsio garaikidea euskaraz

Horman Poster kolektiboak Antigone edo ezetzaren beharra estreinatuko du Arriaga Antzokian, gaur, azaroaren 5ean, 19:30ean. Ikusgarria tragedia klasikoaren bertsio garaikidea da baina euskaraz. Euskal Herrian euskaraz antzoki nagusi batean taularatzen den lehen aldia da hau. Azaroaren 13an,  XXXVIII. Azpeitiko Antzerki Topaketetan ikusgai izango da obra hori.

Horman Poster kolektiboaren  apustu artistiko-kolaboratibo berria jendartean partekatzen da lehen ikuskizun honekin. “Euskal arte eszeniko garaikideetan Antigona bezalako klasikoak geureganatuz boterearen inguruko galderak, kezkak eta hausnarketak eguneratzeko ariketa luzatzen du konpainiak”.

Igor de Quadraren zuzendaritzapean Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro interpreteek sormen prozesuan erronka horri erantzun diote dramaturgia kolektiboaren ariketa burutu eta Antigone eszenikoki berridazteko. Horrez gain, sortze-prozesuan, diziplina ezberdineko artistak aritu dira: Alberto Sinpatron jantziteriaz arduratu da, Miriam Isasi eszenografia eta plastika orokorraz, Asier Errenteria soinuaren diseinuaz eta konposaketaz, Arantza Flores argiztapen diseinuaz eta ikus-entzunezkoetan Arrigurik osatu du lana.

Alaia Martinen hitzek osatzen dute antzezlan honen sinopsia:  “Antigone obra klasiko ezin garaikideagoa da eta ezinbestekoa zen haren oihartzunak euskaraz entzunaraztea. Antzezlan hau, jendarteko arauak, familia kodeak, botere harremanak, egitura desegituratuak eta hauek guztiak kolokan jartzen dituzten pasioen salda odoltsua da. Pertsonaia poliedriko eta indartsuz hezurmamitutako festa distiratsu bat.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button