MUSIKA

The Damned punk banda mitikoak Bilbon joko du

Punk-rock zaleek ezinbesteko hitzordua dute larunbatean, apirilak 18, Bilboko Santana 27 aretoan, izan ere, egun horretan punk-rock estiloaren aitzindari den The Damned talde britainiarrak joko du. Ingelesekin batera, Lie Detectors gipuzkoarrak izango dira.

The Damned single bat argitaratu zuen lehendabiziko punk taldea izan zen, New Rose, 1976ko urrian; iraupen luzeko disko bat plazaratu zuen lehen punk banda ere izan zen, Damned Damned Damned, 1977ko otsailean. Hori gutxi balitz bezala, AEBetan bira egin zuen lehen punk talde ingelesa izan zen.

Azkar-azkar jotzen hasi ziren, baina haien proposamena garatzeko gaitasuna ere erakutsi dute; esaterako, Machine Gun Etiquette (1979) maisulanean, pop kantu bikainak txertatu zituzten. 80ko urteetan, gainera, soinu ilunagoa jorratu zuten, darky-agoa edo gotikoagoa: The Black Album (1980) eta Strawberries (1982), besteak beste.

Egungo taldean, Dave Vanian (David Lett) abeslaria eta Captain Sensible (Raymond Burns) gitarra jotzailea daude. Gainerako taldekideak ondokoak izango dira: Monty Oxy Moron (teklatua), Stu West (baxua) eta Pinch Von Pinching (bateria).

“Gure ustez, punka guztia aldatuko zuen zerbait zen, eta harrezkeroztik, punkak hainbat berraragiztatze bizi izan ditu, gure antzera!”, esan du Vanianek oraintsu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button