
Abenduaren 26tik 29ra bitartean, Deba animazioaren habia bilakatzen da. Bertan, urtero eta data hauetan, animaziozko hainbat film ikusteko aukera eskaintzen du Animadebak.
Aurten Debako Udalak IX. animazio zinemaldia antolatu du. Betiko legez film labur eder asko ikusteko parada eskainiko du zinemaldi horrek. Atzoko eguna film laburrez beterik izan zen.
Gaur berton, abenduaren 27an, Beti bezperako koplak laburmetraiaren ondoren Ageda Kopla Taldearekin eta Maialen Lujanbiorekin solasaldia programatu da. Geroago, gaueko 22:00etan, eta gaztetxean, Crulic, camino al más allá film luzea proiektatuko da.
Ostegunean, Albert eta Un día ví 10.000 elefantes izeneko filmak emango dira, eta Zinemaldiaren azken egunean, hilaren 29an, Animadeba gortina lehiaketaren sari banaketa egingo da arratsaldeko 19:00etan. Egun horretan ere, Phantom boy eta Anomalisa film luzeak eskainiko dira.
Programazio guztia hemen duzue.



