
Larunbatean, ekainak 14, rock-and-roll zaleek ezinbesteko hitzordua izango dute Andoaingo Rock Jaialdian; jaialdiaren zazpigarren edizioa Nafarroa plazan egingo da, 18:00etatik aurrera.
Nazioarteko ordezkaritza zabala izango da: The Woggles, The Ape, Kid Congo Powers eta Bellrays estatubatuarrak. Horrekin batera, euskal ordezkaritza ere izango da: Bakelite bizkaitarrak eta The Lookers lapurtarrak.
The Woogles estatubatuarrek 60ko hamarkadako garage-rock eta rhythm and blues-a uztartzen dute. Hala, 20 urteko ibilbidean makina bat disko argitaratu dituzte; taldearen lan berriena The Big Beat (Wicked Cool Records) da.
Kid Congo musikariaz hitz egiteko dozena erdi blog beharko genituzke; The Cramps, Gun Club eta Nick Cave and the Bad Seeds taldeetan gitarra jo duela nabarmenduko dugu. Horrekin batera, urte asko daramatza diskoak bakarka argitaratzen The Pink Monkey Birds taldearen laguntzarekin.
The Ape, berriz, The Beasts of Bourbon kultuzko talde australiarraren abeslari Tex Perkinsen proiektu berria da. Nazioarteko taldeekin bukatzeko, The Bellrays talde aski ezaguna da Euskal Herrian; Lisa Kakoula emakumezko abeslari beltzak gidatutako soul eta rock lehergailua da taldea.
Euskal ordezkaritzari dagokionez, Bakelite bikotea Bermeokoa da, eta oraintsu blues, post-punk eta rock ilunean bustitako Azeriak lan bikaina argitaratu du. The Lookers lapurtarrek, berriz, garage-rock garaikidea jotzen dute, eta iaz, Fucking Panda izenburuko EPa argitaratu zuten.