
Durango Azokaren babespean ezarriko duten Szenatokia gune berrian, arte eszenikoen maratoia antolatu da abenduaren 7rako. Taularatuko diren antzezlan guztiak helduentzat dira eta 15 minutuko iraupena izango dute; hau da, jatorrizko obren trailer moduko bat erakutsiko dute.
Goizeko txanda The True antzerki taldeak zabalduko du, Bidaia Magikoa antzezlanarekin. Behin barruko beldurrak eta mamuak gaindituta, nork bere mugak apur ditzakeela erakusten du obra honek. Ondoren, BADA teatroak Traganarru obra taularatuko du. 1912an ehunka marinel hil zituen galerna tragikoa ardatz hartuta sortu da antzezlan hau.
Xentimorik Gabe antzerki taldeak hartuko du erreleboa, Kokakola eta barea antzezlana eskaintzeko. Ray eta Nik (Ramon Agirre eta Inazio Tolosa) artisten pasadizo berriak kontatzen dituen ikuskaria da hori. Goizeko tartea amaitzeko Karrika antzerki taldeak Inungane, Sustraiak airean antzezlana eskainiko du.
Arratsaldeko tartea Silvia Manzana eta Jon Ander Alonsorekin hasiko da, eta beren Mikrohuinak izenburuko ikuskizunarekin. Honen ostean, musika eta umorea helduko dira Demode Quartet eskutik datorren Epa! deituriko ikuskizunarekin. Horiek bukatu eta Taupada taldearena izango da txanda. Hala ere maite nauzu antzezlanak eskrupulorik gabeko politiko baten egunerokotasuna eta honek bere emaztearengan sortzen duen barreneko gatazka adierazten du.
Amaitzeko, Agerre teatroak Zu ere On Kixote? aurkeztuko du.
Beste aldetik, Dxusturi teatroa taldeko kidea den Eneritz Artetxek Konpota bakarrizketa antzezlana estreinatuko du. Abenduaren 8an estreinatuko da, 19:00etan, Szenatokian, Durangoko Azokaren Arte Eszenikoen plazan.
Lan hau, euskarazko antzerki sorkuntza bultzatzeko asmoa duen ZUBI proiektuaren lehendabiziko deialdian hautatu duten obra da.



