
MusikaZuzenean ekimenak kontzertu bira berezia prestatu du bere 15. urteurrenaren ospatzeko. Urriaren 5etik 19ra bitartean 15 kontzertu antolatu dituzte, 15 egun jarraian zuzeneko musika eskainiz 15 herrietan.
Gaur, urriaren 13an Arrasaten izango da hitzordua, Irati Topalekuan, eta Amorante eta Gartxot ariko dira zuzenean arratsaldeko 19.00etatik aurrera, dohainik.
Amorante, Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, errotik ateratzen ditu musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatu ahal izateko. Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da Amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren ispiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oiartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan. Emanaldi honetan Forbidden Colours diskoetxe bizkaitarraren babesean argitartu duen ‘Bat edo hiru’ diskoa aurkeztuko du ‘one man band’ formatuko emanaldian.
Gartxot ere soinuen artean askatasun osoz mugitzen den musikaria da, hainbat proiektu ezberdinetan murgilduta ibili dena. Eklektizismoz beteriko popa eta apurtutako folka, barrenetatik ateratzen zaion garrasiari apustu eginez doa. Leuna, xumea eta indartsua da bere musika.