
Euskadiko Ikus-Entzunezkoen Klusterrak EikenTALENTeko zazpigarren edizioa abian jarri du.
EikenTALENT zine edo telebistarako proiektuetarako ideia berritzaile dituzten gazteei zuzendutako programa bat da. Proiektuak webgunearen bitartez aurkeztu behar dira eta epea maiatzaren 4rarte irekita egongo da.
EikenTALENT programan ikus-entzunezko produktu mota guztiak aurkez daitezke (telesailak, lehiaketak, magazinak, realityak eta bestelako telebista saioak; animazioko produktuak; dokumentalak; multimediako edukiak…). Eta produktu horien proiektuak euskarri guztietan onartzen dira, aukeran, gidoiak, maketak edota erakusgarri diren pilotuak izan daitezke. Programaren arduradunek proiektuen originaltasuna eta bideragarritasuna balioetsiko dituzte, nagusiki.
Aurten berrikuntza bezala, bi sari nagusi emango dira. Epaimahaiak hobeto baloratzen duen ideiak EikenTALENT Saria eskuratuko du, euskal ikus-entzunezko enpresa batean prestakuntza beka bat lortzeko. Bigarren sari nagusiak, EiTB Saria da eta proiektuaren pilotua ekoizteko eta EiTBn emititzeko aukera ematen du. Bi sari nagusiez gain, EikenTALENT 2014 deialdiaren barruan, ideia originalenei bestelako bekak eta sariak banatuko zaizkie.
Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak apustu garbia egin du profesionalak eta profesionalak ez direnen arteko harremana erraztuz , izan ere, lan aukerak sortzea da helburu nagusietako bat.