
Munduko Poesia Kaierak bilduman Anne Hebert, Giorgos Seferis, Jacques Prevert eta Manuel Vazquez Montalban idazleen lanak publikatu dira. Atzo, Ahotsenean egin zuten lan horien aurkezpena Aiora Jaka Irizar, Maite Lopez Las Heras, Koldo Izagirre eta Jon Alonso itzultzaileek, Maialen Berasategi eta Isabel Etxeberria editoreekin batera.
Lanak eta itzultzaileak honela txirikordatu dira: Anne Hebert (itzultzailea: Aiora Jaka), Giorgos Seferis (itzultzailea: Maite Lopez Las Heras), Manuel Vazquez Montalban (itzultzailea: Jon Alonso) eta Jacques Prevert (itzultzailea: Jon Alonso). Bilduma hau 2014an abiatu zen eta 2021era arte Beñat Sarasolak zuzendu zuen; ordutik aurrera, Maialen Berasategi Catalán eta Isabel Etxeberria Ramírez dira zuzendariak. Mundu zabaleko poeten lau antologia plazaratzen dira urtero.
Poesiatik antzerkira. Munduko Poesia Kaierak bildumaren aurkezpenaren ostean, Mikel Ayllon, Pablo Barrio, Lutxo Egia eta Ximun Fuchs idazleek Ganbila bilduman plazaratutako lanak aurkeztu zituzten.
Ximun Fuchs antzerkigileak (Axut! Kolektiboa) Lurrez estali aurkeztu zuen. Laborantzari buruzko antzezlan bat da Lurrez estali; laborantzan jarduten dutenen zailtasun eta arazoak plazara ateratzen dituena; Lutxo Egiak Guardasol gorria aurkeztu zuen, non hiru antzezlan eta performance bat biltzen dituen: Hamalau, Free tour eta Identitarteak obrak batetik, Haren da nire performancearen lekukotza bestetik, azken hau Harkaitz Cano eta Ana Galarragarekin elkarlanean; 2074 da Pablo Barrioren lana; azkenik, Mikel Ayllonek (Piszifaktoria Ideien Laborategia) Hau ez da gerra bat aurkeztu zuen, non antzezlan itxurako hiru lan aurkituko dituzuen: Bunker, Hau ez da gerra bat eta Hau gerra bat da.