LITERATURA

“Album” eta “Esperoan”, Ganbila antzerki bildumako lan berriak

Susa argitaletxeak bidean jarritako Ganbila antzerki bilduman bi liburu berri kaleratu dira: Album (Formol Laborategia) eta Esperoan (askoren artean). Bildumaren editorea Oier Guillan da.

Album (Formol Laborategia) lanean galdera pisuzkoak egiten dira: “Zer egiten du ostruka batek arrainontzi batean? Ba al dago denon bistan egotea eta ezkutatzea baino gauza miserableagorik? Derrigorrezkoa al da belaunaldi bat hiltzea hura omendu ahal izateko? Asko hitz egin izan da gazteoi buruz. Millennialok oinordetzan hartutako erantzukizunak kudeatu ezinean gabiltzala diagnosia jaso dugu. Ondorengo hitzekin definituak izan gara: infantilak, prekarioak, frustrazioari intoleranteak, grinarik gabeak, bizitzan galduak, gainformatuak. Ados, sintomatologia hori guztia geure gainean zamatuko dugu. Gure belaunaldiaren etiketen jabe bihurtuko gara. Baina zer daukagu guk esateko? Zer espero da gutaz? Nor gara gu? Ikerketa hau ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat.”

Bigarren liburuan hainbat artikulu sartu dituzte, honako egileek eginak: Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillan. Antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia da Esperoan.
“Zeren esperoan gaude? Ahaztua dugu jada. Ez dio axola jada, edo bai. Godot etorri da, azkenean, eta guztia aldatu da, ezer aldatu ez delako. Eta horregatik, edo beste edozein arrazoirengatik, horrelaxe jarraituko dugu, euskal teatroan, esperoan.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button