Koblakarik, Euskadiko Malabaristen elkarteak, hasiera emango dio ekimenari ekainaren 4an auzunean zehar kurrituko den kalejira batekin. Gero zirkuko elementu azpimarragarri guztiak izango dira tarteko datozen egunetan: akrobaziak, malabareak, orekak, pailazoak, trapezistak, musika, antzerkia, etab. Umeentzako tailerrak ere ez dira faltako larunbat eta igande goizetan.
Klobakariko adiskidea den Ane Mirenek esan du gaur egun Euskal Herriko zirkua hartzen ari dela bere toki propioa, gero eta sinesmen handiago dagoela berarengan, eta era berean galdera bat utzi du airean: gaurko espazioak desalojatzen badira (Kukutza adibidez) non gauzatuko da zirkua?
Esan dugun bezala, Zirkualde programa ostiralean, ekainaren 4an, hasiko da, arratsaldeko 19:30ean, Koblakarik burutuko duen kalejirarekin. Gaueko 21:00etan Muchas Noches y Buenas Gracias taldearen txanda izango da, Le petit cabaret ikuskizunarekin.
Larunbat arratsaldean, 18:30etik aurrera, eta gaueko 21:00ak igaro arte, hiru ikuskizun izango ditugu: Debote Enbote taldearen Argotu, Malas Compañíasen Oilaskotxea eta Alas Circo Teatro konpainiaren El Espejo ikuskizuna.
Igandean, leku berean, eta 18:30etik aurrera oraingoan ere, Nanny Cogornok Lunatik ikuskizuna eskainiko du, Xabi Larreak Filamento el farolero ekarriko du eta Circo Imprevistok El loco baile del circo eskainiko du. Jaialdiari amaiera emateko Circo Imprevisto izango da kalean euren trebeziak erakutsiz.
Errekaldeko I. Zirku Jaialdia Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak udaberri honetarako antolatu duen kaleko programazioaren parte da. Gozatu zirkuarekin asteburu honetan!
Nontzeberri



