EZLEKUBAT

YBM: “Disko oso ona grabatu duguna badakigu”

Yellow Big Machine taldeak “Here Comes the Big Fun” disko berria kaleratu du. Duela hilabete bat Bilborocken eman zuen aurkezpen kontzertura nontzeberritar bat gerturatu zen erabat liluratuta. Aldi berean gure Nontzefilmak lehiaketako bideo-promoaren kantaren egileak izanik, tipo jatorrak eta eskuzabalak direnez gero, gutxienez, elkarrizketa ederrra zor genien.

Nola izan da disko berriaren grabaketa prozesua? Horretarako baserri batean sartu zineten. Zergaitik ez duzue ohiko estudio bat aukeratu?

Gure bigarren diskoa grabatzeko, konfiantza osoa gure teknikoarengan jarri genuen. Bere estudioan egin behar genuen, baina egun batean bildu gintuen eta esan zigun: lagunak, mendira goaz. Diskoa grabatzeko tokia ez ezik, esperientzia hura partekatzeko tokia ere bilatzen genuen. Egun osoa elkarrekin ematen duzunean, diskoan kontzentratzen zara, eta prozeduraz jabetzen zara. Aingeruri orduan otu zitzaion baserria estudio bilakatzearena, han grabatzeko. Gabonak pasatu genituen bateriak grabatzen, han Gorbeialdean. Erregeen egunean dena grabaturik geneukan.

Soinua asko landu duzue. Aingeru Malaxetxebarriaren ekarpena zein izan da esparru horretan? Era berean zuen zuzenekoen teknikariari ere bada, zer nolako abantailak ditu horrek?

Aingeru Malaxetxebarria ez da gure teknikaria soilik, laguna eta adiskidea ere bada. Hazten ikusi gaitu, diskoa prestatzen ikusi gaitu. Badaki non gauden eta horrexegatik jakin du zer nahi izan dugun. Aingeru gure bitartekaria da alde artistiko eta teknikoaren artean. Egiten duguna ulertzen du eta horixe gauzatzeaz arduratzen da. Hori, talde guztiek ez daukaten zortea da. Era berean, guk sekulako askatasuna eman diogu nahi duena egiteko. Erdia Aingeru, erdia Yellow. Gauza batzuetan oso argi geneukan dena, eta beste batzuetan ez hainbeste,  adibidez, Come on kanta ez da guk pentsatu genuen bezalakoa.

Diskoa entzuterakoan kanta batetik bestera arrisku-zaletasun ausarta nabaritzen da, estilo ezberdinen nahasteak ikara barik, nola lortu duzue ausardia puntu hori?

Kar, kar, kar….Asko kezkatu barik eta eroaten utziz. Bost urte eman ditugu bigarren diskoa ateratzen, eta hor barruan, taldean, sorkuntza-leherketa asko zeuden. Egia da kantak zuzenean konposatzen ditugula, lokalean, inork ez du prestaturik ezer ere ekartzen, norbait hasten da tea besteok segitzen diogu. Batzuetan kantek hasierako oso puntu ezberdinean izaten dute amaiera, horrexegatik, eroaten uzten dugu kontua, inolako konplexurik gabe. Entseguak grabatzen ditugu eta gero etxean entzuten ditugu. Ezer esaten ez diguten kantak, egun batzuk geroago hilko dira betiko.

Zein sentsazio duzue disko berria etxean entzuterakoan? Nola ikusten duzue taldea?

Zure diskoa entzutea oso gauza berezia da.  Lokalean, zelan prestatu zenuen, baserrian zelan grabatu zenuen, nota horrengatiko eztabaidak,… gogoratzen dituzu, irudietan entzuten duzu diskoa. Oso hunkigarria da gomutez beterik dagoelako. Disko honek Chiapaseko kafearen, haritzaren egurraren, baserriko sutondoaren  zaporea dauka.  Gainera errealizaturik sentitzen zara;  egin duzula pentsatzen duzu. Kasu zehatz honetan, disko oso ona grabatu duguna badakigu, eta harro gaude.

Diskoaren irudia eta diskoa bera iragartzeko estetika asko lantzen duzue, zein nolako erremintak dituzue hau guztia gauzatzeko? Diseinuaren lana nork eta zelan egin duzue?

Gure erremintak izen propioa du; Andrea du izena eta Curruscuko sortzailea da. Hor irudi zaindu hori egiteaz arduratzen dira, eta Andrea eta Curruscu barik galduta geundeke. Andrea maketa hasten denean gurekin egoten da. Guk diskoa biluzik grabatzen dugu eta gero Andreak janzten gaitu. Askatasun osoa dauka nahi duena egiteko eta ez digu inoiz ere ez hutsik ematen. Oraingo honetan dena horiz pintatu du, eta berari otu zitzaioan mobiletarako eta ordenagailuetarako bideo-jokoaren ideia, eta horren bidez jendeak atentzioa jarri zuen gugan. Orain, Curruscu gure hurrengo bideoklipa prestatzen ari da. Irailean estreinatuko dugu eta kristona izango da.

Diskoa aurkeztu zenuten Educados taldearen eskutik (kontzertu bikaina portzierto), zein nolako giroa topatu duzue disko berria aurkezterakoan?

Urduri pixka bat bageunden, jendearen erantzuna zein izango zen jakin barik. Eszenatokira igo eta Bilborock beteta ikusi genuen. Jendea txaloka zegoen, eta diskoa oraindik entzun barik, eta piloa animatzen gintuen. Gu han egoteaz, disko berria ateratzeaz, portada hain deigarria izateaz harro zeudela, eta Bilbon gurea bezalako talde bat egoteagatik jendea oso pozik zegoela pentsatu genuen. Edozein taldek deseatzen duen disko-aurkezpena eduki genuen guk. Hori gurekin saria partekatu zuen Educados taldeari zor diogu, eurak izan ziren irabazleak. Saria Bilborocken jotzea zen eta gurekin partekatu zuten, horrexegatik aurkeztu ahal izan genuen gure diskoa, larunbat batean, doako sarrerarekin. Talde horrekin zorretan gaude.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button