
Esan berriz, esan lelopean antolatu dira uztailaren 2tik 4ra Amasa-Villabonan, Ahoa Bete Hots jardunaldiak. Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiok, Nora Urbizu Arozenak, Beñat Gaztelumendik eta Joxe Mari Carrerek. Izena emateko epea ekainaren 25ean amaituko da.
Aurtengoan transmisioa izango da hizpide, eta hala, Esan berriz esan lelopean antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioaz arituko dira hainbat aditu, haien artean, Mikel Markez, Amaia Zubiria, Maika Etxekopar, Joseba Tapia, Jon Sarasua, Antton Luku, Xabier Amuriza, Antton Irusta eta Miren Amuriza. Hauek guztiak Mintzola Fundazioaren egoitzan bilduko dira, uztailaren 2, 3 eta 4an.
“Ahozkotasunaren zein ahozko generoen transmisioan interesa duen oro asetzeko jardunaldiak dira. Batez ere irakasleei, aisialdiko begiraleei eta irakasleei zuzendua da. Hezkuntzako irakasleak, euskaltegi, udaleku, barnetegi, antzerki, bertso-eskola, kantu eta ipuin irakasleak, gurasoak eta ahozko generoen transmisioa eragiten duten guztiei zuzendua. Beraien guneetan praktikan jartzeko gogoeta eta esperientzien berri emango dute hizlariek”.