EZLEKUBAT

Ana Arsuaga: “Ezin ditut banandu kolorea eta forma”

Ana Arsuaga Arte ederreko ikaslea da, eta hil honetan, Bilboko Anti-liburudendan bere lehen erakusketa jarri du ikusgai. Irailaren 23ra bitartean bere obrak ikusteko abagunean izango duzue, baina gu berarekin mintzatu gara hain artista gazte baten buruan zer dabilen jakiteko.

Oraindik gerturatu ez denarentzako nola deskribatuko zenuke zure erakusketa?
Zein da gaia, ildo zehatz bati jarraitzen dio?

Erakusketa paisaiez eta forma naturalez osatua dago, koloreetan oinarrituak , barne-bultzaden ondorioz sorturikoak.

Nolako harrera sumatu duzu Anti liburu-dendako erakusketan?

Anti liburu-dendara joan ohi diren pertsonak, nik uste, ikuspegi zabalago bat dutela, eta ezezagunak diren artistengan interes handiago bat jar dezaketela. Horregatik, baliteke proposatu dudan lana bertan erakusteko nahiko egokia izatea, niretzat egokiena, lekuagatik eta baita bertara joaten den jendeagatik ere.

Non jartzen dituzu lanak gusturago, artearen inguruko toki espezifikoetan (galeriak…) ala bestelakoetan (kafetegi, liburu-denda…). Non funtzionatzen dute hobeto zure lanek?

Ezin dut galdera hau erantzun, oraindik ez naiz hainbesteraino iritsi! Nire lehenengo erakusketa da, eta beraz, ez dakit non funtzionatuko zuen hobeto, baina hasiera batean nahiago dut erakusketa mota hau, informalagoa, hurbilagoa.

Badirudi zuzenean eta era gordinean egindako irudiak direla. Nolakoa da zure lan prozedura?

Ba bai, hitz hori gustatu zait, gordina. Ez dut bozeturik erabiltzen, zuzenean hasten naiz marrazten edo margotzen. Ezin ditut banandu kolorea eta forma; aldi berean doaz sortzen, intuizioz, ez dakit, bat-batean. Batasun bat sortzen da ingurutik hartutako irudiaren eta nire artean, eta ez badut inguruko ezer erabiltzen,  buruan dudan ideiaren eta nire artean gertatzen da. Ingerada deformatzen da, koloreak gidatua, eta momentuak berak ere agintzen du; hori dela eta, emaitza misterio bat da beti, eta hori izugarri maite dut.

Zein nolako erreferenteak dauzkazu zure artelanak garatzerakoan?

Vlaminck, Derain, Hockney, Ferdinand Hodler, Vallotton… Zaila da erantzutea, margolariak aipatu ditut, baina azken finean edozein artistak utz diezazuke aztarna, eta askotan jakin gabe.

Zure inguruko zein artista duzu gogoko?

Joseba Escubi, Julen Alberdi, Ana Abajo, Jonathan Escapa, Andoni de la Cruz..

Beste proiekturen batean zabiltza?

Orain batez ere pintatzen ari naiz, baina beste arlo batzuetan frogak egiten ere gustura ibiltzen naiz, bideoa, argazkilaritza, performance-a… Hala ere, pintura eta marrazketa dira nire gustukoenak. Oraindik ikasle bat besterik ez naiz, ea zer gertatzen den aurrerantzean!

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button