
Gaur berton, abenduaren 12an, Bilboko Arriaga Antzokiko Gelatxoetan abesti herrikoiak entzuteko modu lirikoagoa luzatuko dute Marta Ubieta sopranoak eta Alberto Núñez tenoreak. Besteak beste, Iparragirreren edo Beobideren melodia herrikoi ezagunak entzuteko parada ezinhobea egongo da.
Kantariok Mikel N’Dong piano joleak lagunduta arituko dira eszenatokian, Sabino López de Guereño konposatzaile eta biolin jole beteranoarekin batera. Azken hau hainbat kantutegitan (Azkue, Aita Donostia…) jasotako abesti tradizionalez gain, abesti liriko berriak sortzea eta ezagutaraztea bilatzen duen Euskal Kantu Liriko Berriak egitasmoaren bultzatzaile nagusia da, Berak dioen bezala, “ jasotako abesti lirikoen musika kalitatea, euskaldunok melodiak idazteko orduan dugun gaitasunaren eta erraztasunaren froga garbia da. Horrez gain, euskal musika garaikideak eskaintzen duen estilo eta gai aniztasunak argi erakusten du Euskadin bizirik jarraitzen duela melodiarako sorkuntza gaitasuna, eta beharrezkoa dela hori bultzatzea eta ezagutaraztea”.
Programa hau egile garaikideen (J. Ezkurra, H. Extremiana, C. Imaz eta abar) abestiez eta herri-kantez osaturik dago. Tartean ere egile ezagunenak, esaterako, Iparragirre, Beobide eta abarrenak ere entzuteko abagunea egongo da.



