
Bakioko Musika Astearen 40. edizioa izango da aste honetan, uztailaren 13tik 17ra bitartean. Beste urte batzuetan bezalaxe egitarau oparoa antolatu du Bakioko Udalak, Bakioko Abesbatzaren eta beste hainbat herritarrekin batera, eta aurten, lau kontzertu programatu dira Andra Mari Elizan egingo direnak.
Gaur berton, Euskadi Brass taldea arituko da, 20:00etatik aurrera. Bihar, Alos Quartet taldeak Ahopeka aurkeztuko du. Alos Quartet taldea, Xabier Zeberiok (nyckleharpa eta biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Nuñezek (biola), Alejandro Saulek (celloa) eta Ivan Alzatek (baxua) osatzen dute.
Asteazkenean, hilak 15, Mikel Azpirozek Pake Pieza album berria aurkeztuko du. Entzulea introspekziora eta meditaziora daramaten Azpirozek sortutako bederatzi konposizio biltzen ditu. Hurrengo egunean, Suhar koruaren txanda izango da. Ahots grabeez osatutako abesbatza da. 2018ko udazkenean ibilbidea hasi zuen, kantu koralean aritutako hogeita hamar ahots inguru bilduta, prestakuntza mota horretarako errepertorioa maila gorenean lantzeko helburuarekin.
Eta azkenik, uztailaren 17an, Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du herriko probalekuan, 20:00etan.



