
Ruper Ordorikak Lurra ikutu barik bere azken lanaren soinuak haizatuko ditu Elorrioko Musikaire jaialdiaren barruan, uztailaren 11n, 20:00etan.
2024an, Bakarka bi diskoa aurkeztu ondoren, lan berri bati ekin zion Ruperrek, eta jardun horren fruitua da Lurra ikutu barik. Hamaika kantu berri dakartza album berriak, guztiak ederrak eta iradokitzaileak. Grabaziorako, Ruperrek honako musikari hauek izan ditu lagun: Leo Abrahams gitarra eta teklatuetan (Eno, Blur, Anohni…); Kenny Wollesen bateria eta bibrafonoan (John Zorn, Bill Frisell…) eta Jon Thorne kontrabaxuan (Lamb…).
Lurra ikutu barik disko berriaren aurkezpenetan dabil kantaria eta kantuak behar bezala aurkezteko Mugalariak izango ditu ondoan: Arkaitz Miner (gitarra, mandolina), Fernando Lutxo Neira (baxua), Hasier Oleaga (bateria), Nando de la Casa (teklatuak).
Ruper Ordorika euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa da. 80ko hamarkadan Pott literatur taldean ibili zen, eta musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara. 1980. urtetik hona Euskal Herriko zein New Yorkeko musikariekin disko sorta bat grabatzeaz gain, Hiru Truku taldea sortu zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinez musikariekin, herri kantutegia berritzeko.



