
Uztailean kulturaz gozatzeko aukera ematen du Uztakale jaialdiak, “Euskal Herrian eta Legazpin sortzen den kaleko uzta proposatuz”.
Hil osoan, musika eta kale ikuskizunak, Ikatza Elkartearen ikus-entzunezko emanaldiak, haurrentzako tailer eta jolas parkeak, eta Kaleko Zine emanaldiak burutuko dira, eta guztiak doan.
Gaur berton, hilak 6, zinema kalean saioa bat eskainiko da. Bihar, antzerkia izango da protagonista, eta Beatriz Larrañagak Hausturak izeneko pieza egingo du. “Balbina hausturaz beteta dago… baina jolasteko gogo handia du. Giza samurtasuna eta, aldi berean, galtzeko ezer ez duenaren askatasun basatia duen pailazo bat da, eta horrek guztiarekin jolasteko aukera ematen dio. Ikuskizunak clown tradizionala eta hizkuntza garaikideago bat uztartzen ditu, non gorputza, pertsonak eta hiri-espazioa bere istorioaren konplize bihurtzen diren.
Hilaren 14an, euskarazko antzerkia ikusteko aukera egongo da Zirkotxosko taldearen Oh-Pera lanarekin. “Bizitzan bezala Oh-Pera-an, egonkortasuna ez da existitzen!!! Bi pertsonaia hauek sortutako mundu hau etengabe eraldatzen da”.
Eta uztailaren 22an, Trapu Zaharrak taldeak Azkena eta bagoaz izeneko lana aurkeztuko du. “Unerik onenean ez dagoen kale-antzerkiko aktore batek aretoko antzerkiarekin probatzea erabaki du. Bere helburua lortzeko, antzerki klasikoko aktore batekin elkartuko da, eta obra berri bat muntatuko du: Bost ordu Mariorik gabe. Dirua biltzeko, berriro zapalduko ditu aurreko konpainiarekin jorratutako plazak”.
Legazpiko programazioa guzti-guztia jakiteko: Uztakale.



