
Jupiter Jon eta Joseba Irazoki eta Lagunak taldeek Bermeoko Kapillan joko dute, ostiralean, hilak 6, 22:00etatik aurrera.
Jupiter Jon banda gipuzkoarrak Eta metaforak greba egin zeben… (Bidehuts) izenburuko bigarren lan plazaratu berri du. Taldeak bere lehenengo diskoan erakutsitako estilo aniztasunean murgildu da, askotariko kantuak sortzeko. Hala, doinuotan, hamaika estilo eta erritmo nabarmentzen dira.
Julen Azpitarte kazetariak hauxe idatzi du, lan berriaren promozio-orrian: “Hala, Jupiter Jonen bigarren lan honetan, Eta metaforak greba egin zeben…, Baxiren (gitarra-jotzailea eta abeslaria) etxeko bildumetako heterogeneotasun aberats hori nabarmendu egin da, bai eta erabat txertatu ere, Lamberto Perurenak egindako azal koloretsu bezain primitibotik hasita, Tortura Sistematika taldeko gitarra-jole ohiaren ahalegin polikromoa grabazioan bildutako hamar doinuetan islatu baita: Paleolitikoa eta gero Elvis kantuan entzuten diren rockabilly kutsuko oilo-onomatopeiak, Satanak piezako alboka, Navajo Kodigoan kantuko afrikanismoa, Ipar Poloko alkatea josten duten gitarra eta baxu angeluarrak, Festa komunista Genzano di Roman abestiko dub giroa edo Gansterrak operara doaz abestiko lirismoa”.
Bestalde, Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak izen bereko lana aurkeztuko du, hori ere Bidehuts markapean argitaratu zena iaz. Makina bat musikarik parte hartu zuten grabazioan, Audience, We Are Standard, Petti eta Xabier Montoiarekin aritutakoak, besteak beste.