
Ainara LeGardon izango da San Telmoren Museo Bikoitza programan arituko den hurrengo artista. Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar artistek aukeratu dute programa honetan euren ondoren aritzeko.
Honela azaltzen dute Usue Arrietak eta Ainara Elgoibarrek beren aukeraketa: “[Ainara Legardon]… rock independentearen munduan hasi zuen bere ibilbidea, eta atzean utzi zuen praktika esperimentalenen alde egiteko. Praktika horietatik abiatuta, arte plastikoen testuinguruetan integratu da, zuzeneko performancearen eta, berrikiago, soinu-instalazioen bidez (…). Proiektuarekin bat egiteko, San Telmo Museoko bilduman murgilduz gozatzeko eta Museo Bikoitzaren oinarri den espiritua ulertzeko duen gaitasunarengatik hautagai ona da guretzat. Soinu esperimentalaren testuingurua Euskadin funtsezkoa izan da, eta da, praktika garaikideak ulertzeko. Gutxi historiatutako eremua da, arte-bilduma publikoetan eta pribatuetan oso gutxi agertzen dena. Egoera hori konpontzeko aukera ona dela uste dugu, eta Museo Bikoitzetik egitea bereziki interesgarria da; izan ere, praktika horiek testuinguruan jartzeko ariketa bat eragiten du, bildumarekin duten harremanetik abiatuta, eta hori abiapuntu berezia eta bereizgarria da beste erakunde batzuekiko”.
Ainara LeGardon (Bilbo, 1976) 1991tik jardunean dagoen musikari eta artista da. Rockaren eta musika esperimentalaren esparruan lan oparoa egiten du. Esperientzia handia du site-specific esku-hartzeetan eta artxiboekin lan egiten. Pausa pulsar soinu-instalazioaren sortzailea da, eta bere performanceak eta soinu-esku-hartzeak erreferentziazko zentroetan izan dira ikusgai eta entzungai.



