
Atzo aurkeztu zuen Meettok argitaletxeak Gerardo Markuletak euskaratu duen Michel Houellebecq-en Sumisioa liburua.
Houellebecq-ena politika fikziozko eleberri bat da, une poetikoak, komikoak eta melodramatikoak biltzen dituen fabula politiko eta morala. Houellebecq-ek gogoeta egiten du mende hasierako gizaki guztiok geure bizitzan sumatzen ari garen eraldaketa sakonaren inguruan.
Argitaletxeak azaldu duenez, “gure garaitik nahiko gertuko Frantzia batean, gizon batek karrera unibertsitarioari ekiten dio. Irakaskuntzarako motibazio gutxi, eta bizimodu aspergarri baina lasaia espero du, drama historiko handietatik babestua. Hala ere, herrialdean jokoan dauden indarrek sistema politikoa pitzatu dute, lehertzeraino pitzatu ere. Izualdirik, benetako iraultzarik gabeko eztanda hori, amesgaizto baten modura garatuko da”.