
Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatuta, Goizuetako Udalaren laguntzarekin, Xalto sariketaren hamahirugarren edizioa jokatu zen ostiralean Goizuetako Umore Ona elkartean. Bertso-afari formatuan, zazpi bertsolari aritu ziren kantuan: Saioa Alkaiza (Iruñea), Patxi Castillo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Manex Mailharin (Berriozar), Alazne Untxalo (Ituren), Sarai Robles (Barañain) eta Egoitz Gorosterrazu (Ituren).
Giro jatorrean gauzatu zen hamahirugarren edizioak badu txapeldun berria, Alazne Untxalo. Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, hainbat lan egin zituzten bertsolariek eta azkenean Alazne Untxalok jantzi zuen txapela.
“Puntuaziorik altuenak eskuratuta, Alazne Untxalo eta Saioa Alkaiza buruz-burukora pasa ziren eta kopletako saioa zein bakarkako ariketa eginda, azkenean Alaznek jantzi zuen Zuriñe Lujanbio Goizuetako zinegotziak jarritako txapela”.



