
Bihar, martxoak 5, Barakaldo Antzokian, 20:00etatik aurrera, Mikel Etxaburu çpoetak, eta Nerea Zuloaga, Jon Gardoki eta Irina Álvarez musikariek Manttalingo Alaba izeneko errezitaldia eskainiko dute.
Duela urte bi Mikel Etxaburu idazleak Saturrarango kartzelan giltzapean izan ziren emakumeak oroitu eta aldarrikatu nahi izan zituen Manttalingo alaba (Pamiela) bere poesia lan berrian. Soiltasun argiz idatzia, “poemaz poema dakartza itsas ertzeko ziegetan barreiatutako emakumeek jasandakoak. Gaur egunera etorrita, oroimenaren aldarria ez da debalde, hari ikusezin batez lotzen du irakurlea”. Lan honekin irabazi du Mikel Etxaburuk Ernestina de Champourcin Poesia Sari nabarmena, Arabako Diputazioak emana.
“Emanaldian zehar gure herria zeharkatu eta zartatu zuen gerra zibileko girora hurbilduko gara garaiko melodien bidez. Akordeoiaren olatu artean dantzatuko gara, Saturrarango hondartzaren edozein itsasgoretan bezala. Eta bibolinaren soketatik zintzilikatuko ditugu kartzela bustian idatzitako poemak. Baina batez ere, kantatu egingo dugu, elkarrekin elkarrentzat. Agian Manttalingo alaba ere gehituko zaigu entzuten gaituenean.”
Mikel Etxaburu ondarrutarra Euskal Filologian Doktorea da, eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean irakaslea. Beste lau poema liburu ditu argitaratuta: Zu zara orain txoria (Elkar, 2011), Hodeiak zapatetan (Susa, 2014), Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak (Erein, 2016), eta Ahaztu baino lehen, ama (Pamiela, 2021).



