
Irungo Udalak eta Irungo Emakumeen Etxearen Elkarteak Zinema Feministaren Zikloa antolatu dute eta otsailaren 27tik martxoaren 26ra luzatuko da. Bertan, emakumeek zuzendutako lau pelikula emango dituzte, Itziar Sistiaga idazleak eta Nerea Almazán psikologoak aurkeztuko dituztenak.
Gaur abiatuko da zikloa Sara Fantova zuzendariaren Jone, batzuetan pelikularekin. Lanaren sinopsia hauxe duzue: Bilbo, abuztu bete-betea. Jonek 20 urte ditu, eta bere aitarekin eta Martarekin, ahizpa txikiarekin, bizi da. Aitorrek, Joneren aitak, lana utzi behar izan du Parkinsonaren ondorioz. Aldi berean, Aste Nagusia hastear da eta Jone lehen aldiz maiteminduko da. Maitemintze horrek eragindako hilezkortasun-sentsazioa biziko du Olgarekin; baina, aldi berean, aitaren gaixotasunagatik bakarrik geratzeko beldurra ere zeharkatuko du Jone.”
Datozen asteetan emango diren filmak honako hauek dituzue: Gemma Blascoren La Furia (martxoak 5), Carla Simón zuzendariaren Romería (martxoak 18), eta Alauda Ruiz de Azúa zuzendariaren Los Domingos (martxoak 26).



