
Ostiralean, hilak 18, Azkuna Zentroak Tiro Fijo talde efimeroaren kontzertua hartuko du, 21:00etatik aurrera. Tiro Fijo kontzertu horretarako propio garatutako egitasmoa da, lau teklatuk eta bateria bakarrak osatua. Taldekideen artean, Lisabö, Atom Rhumba edo Anari taldeko musikariak daude.
Hauexek dira Tiro Fijo esperimentuaren taldekideak: Javi Manterola (Lisabö, Amodio, Hermana Raya), teklatuak eta ahotsa; Karlos Osinaga (Lisabö, Hermana Raya), teklatuak eta ahotsa; Iñigo Cabezafuego (Atom Rhumba, Mermaid, Cabezafuego…), teklatuak eta ahotsa; Rober! (Atom Rhumba, Separatistas, Hermana Raya), teklatuak eta ahotsa eta Mikel Abrego (BAP!, Negu Gorriak, inoren ero ni, Anari…), bateria eta perkusioak.
Taldeak ondokoa iragarri du, egitasmo iragankorraren harira: “Zarataren Vladimir Putin gara. Programatikoak, hilkorrak, ustekabekoak, kirurgikoak eta aratzak. Eta ez dugu geure kumea kontrolatzen. Berak kontrolatzen gaitu”.
Duela urte batzuk, Atom Rhumbako Rober! musikariak antzeko egitasmo bat ondu zuen Guggenheim Bilbao Museoan, baina hartan, hiru bateria erabili zituen.



