
Urritik abendura bitartean, Euskadiko Filmategiaren eskutik Klasikoak izeneko zikloak hainbat film proiektatuko ditu Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (Arte Ederren Bilboko Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect).
Programazioan bildu dira Casablanca (Michael Curtiz, 1942), Safety Last! (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), Yôjinbô -Yojimbo– (Akira Kurosawa, 1961), Queen Kelly (Erich von Stroheim, 1929), La ciociara (Vittorio de Sica, 1960), La reine Margot (Patrice Chéreau, 1994), El cebo (Ladislao Vajda, 1958) eta Voldtekt (Anja Breien, 1971) filmak. The Sugarland Express (1974) filma ere proiektatuko da, Steven Spielbergen opera prima.
Ikusgai ere izango da Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), euskal zinematografiako film nabarmena, zeina Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu baitute Euskadiko Filmategiak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Iruñeko saioa Nafarroako Filmotekan egingo da, eta hantxe izango da zinemagilea.
Zikloa gaur berton, urriak 7, hasiko da Gasteizen Casablanca (Michael Curtiz, 1942) filmarekin. Klasiko horretan Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart dira protagonista, eta Euskadiko Filmategiak bere historian lehenbizikoz emango du.



