
Anestesia musika taldea Erantzun bere bigarren lanaren 30. urteurrena ospatzen dabil, eta bira ederra egingo du udazkenean.
Disko hau oso berezia da taldearentzat eta beraien jarraitzaileentzat. 90ko hamarkadaren erdialdean taldeak bere estilo propioa finkatzeko pausu garrantzitsua izan zen eta bandaren mugarri garrantzitsu bat bihurtu zen.
Urteurren berezi hori behar bezala ospatzeko hainbat kontu egingo dituzte taldekideek. Lehen pausua diskoaren argitalpen berezi bat izan da, 180 gramoko biniloan, remasterizatuta, eta diseinu berrituarekin. Eta orain taldea bira labur eta berezi batekin dator, urrian hasi eta abenduan amaituko dena.
Taldeak bost kontzertu eskainiko ditu Euskal Herriko aretoetan. Kontzertuok bereziak eta bakarrak izango dira, eta Erantzun diskoa osorik joko du, beste hainbat kanturekin batera.
Bira honen ostean taldeak atsedenaldi mugagabe bat egingo du, beraz denboraldi batean Anestesia ikusteko aukera bakarra data horietan izango da.
Lehen kontzertua larunbatean izango da, urriak 10, Bilboko Kafe Antzokian, baina sarrerak agortu egin dira. Hurrengoetara joan zaitezkete. Datak honakoak dira: urriaren 24an, Biarritzeko Atabal aretoan. Azaroaren 14an, Azpeitian (Sanagustin Kulturgunea) eta 21ean, Atarrabian (Totem aretoa). Azkenik, abenduaren 19an, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan izango da taldea.



