
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, Euskal Kultur Erakundea (EKE) erakundearekin elkarlanean, Iparraldea Bertan zikloaren 25. edizioa egingo du otsailaren 3tik 24ra, Donostiako Koldo Mitxelena Kultur Etxean.
Aurtengo egitaraua erabat musikala izango da, eta helburua da Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura kulturalak sendotzea.
Atzo bertan, hilak 3, abiatu zen ekimena Jurgi Ekizaren kontzertuarekin. Bere bigarren lana, Argitzala, modu intimoan aurkeztu zuen.
Datorren astean, hilak 10, Habia Taldeak Omen lana aurkeztuko du, polifoniak, poesia garaikidea eta paisaia soinudunak uztartzen dituen proposamena. Taldean Maiana Aguerre (biolina eta ahotsa), Maia Iribarne Olhagaray (biolina eta ahotsa), Elena Haira (biola eta ahotsa), Amaia Hiriart (txeloa eta ahotsa), Patrick Fischer (soinua), Antoine Decembri (argiztapena) eta Kristof Hiriart (zuzendaritza artistikoa) aritzen dira.
Otsailaren 17an, HorHor Hirukotearen txanda izango da. Elsa Oliarj-Ines (ahotsa eta teklatua), Claudine Arhantzet (ahotsa) eta Maika Etxekopar (ahotsa eta kontrabaxua) osatutako hirukoteak Itxaro Borda, Francis Jammes edo Joxean Artze egileen testuetan oinarritutako piezak interpretatuko ditu.
Hilaren 24an, Pantxix Bidart eta Primaël Montgauziren Elimberri ikuskizunak emango dio amaiera zikloari. Musika, ipuinak eta mitoak uztartzen dira, gitarra, akordeoi eta bi artistaren ahotsen bidez sortutako giro berezi batean.
Kontzertu guztiak 19:00etan hasiko dira eta Santa Teresa komentuko areto nagusian izango dira.



