
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, Tabakalera eta Institut Valencià de Cultura – La Filmoteca erakundeekin lankidetzan, Nosferatu ziklo berria urtarrilaren 14an hasiko da Tabakaleran eta XX. mendeko munduko zinemagintzak eman duen izen handienetako bati eskainiko zaio: Billy Wilder Erdialdeko Europako zuzendariaren irudiari. Urtarriletik abendura bitartean 32 film proiektatuko dira.
Asteazkenean, Sunset Boulevard filmaren proiekzioarekin inauguratuko da zikloa. Wilderren lehen urratsak 1930eko hamarkadako Alemanian gidoilari gisa egin zituen. Geroago, Frantzian zuzendari gisa egin zuen bere opera prima, Mauvaise graine (1933), AEBn bizi izandako garaia oparoa izan zen, Ernst Lubitsch, Mitchell Leisen edo Howard Hawks bezalako zinemagile handientzat gidolari lan egin zuen. Hollywooden zuzendu zuen lehen filma The Major and the Minor (1942) izan zen eta hori ikusteko aukera izango da.
Lan sonatuen egilea ere bada: zinema beltza (Double Indemnity, 1944), komedia (Some Like It Hot, 1959), drama (Sunset Boulevard), zinema belikoa (A Foreign Affair, 1948), erromantikoa (Love in the Afternoon, 1957), intrigakoa (The Private Life of Sherlock Holmes, 1970), epaiketetakoa (Witness for the Prosecution, 1957), kazetariena (The Front Page, 1974) ,…
Luis Alegre idazle eta zinema kritikaria izango da Billy Wilder. Anatomía de un genio liburuaren koordinatzailea, Colección Nosferatuko 22. zenbakia. Hil honetan argitaratuko da, zikloaren hasierarekin batera. Argitalpenak Fernando Truebarekin eta Joseph McBriderekin izandako elkarrizketak biltzen ditu.
2026ko udazkenean, Nosferatu Bildumako 14. zenbakia argitaratuko da, euskaraz, Zigor Etxebeste irakasle eta zinema adituak Wilderren figurari buruz idatzia.



