
PATRIM 4.0 kultura-ondarea berritzeko eta sormenez kudeatzeko Pirinioetako sarearen esparruan, Igartubeiti Baserri Museoak egoitza artistikoa jarri du abian Ezkion. Egoitza EFA 127/01 PATRIM 4.0 proiektuaren parte da. Proiektu horren helburua da kulturak eta turismo iraunkorrak Pirinioetako garapen ekonomikoan, gizarteratzean eta gizarte-berrikuntzan duten zeregina indartzea. Egonaldiaren data 2026ko martxoaren 2tik 29ra arte izango da.
Deialdia irekita dago “belaunaldien arteko lotura bultzatzen eta indartzen lagunduko duten proiektu artistikoak aurkezteko, bai eta kontakizun, iruditeria eta antzezpenak gaur egun berrinterpretatzeko ere, Ezkioko udalerriko landa-eremutik etorkizuna birpentsatzeko.”
Egoitzarako proposamen hauek onartuko dira: arte bisualak, ikus-entzunezkoak, instalazioak, Land Art, argazkigintza, soinua, antropologia, ikerkuntza, eskultura, performancea eta artistaren eta lurraldearen arteko elkarrizketa lotzen duten adierazpen artistiko edo lan-ildo guztiak, betiere ingurunearen espezifikotasunaren eta testuinguruaren baitan eta paisaia eraldatzeko ideiari lotuta.
Proposamenak bakarka edo taldeka aurkeztu ahalko dira datorren urtarrilaren 21a baino lehen.
Deialdiaren nondik norakoak hemen kontsultatu ahal dituzue.



