ARTEA

Korapiloa, bukaera, hasiera

Iruñeko Ziudadelako Mistoen Eraikinean, Alfonso Ascunce artistak Korapiloa, bukaera, hasiera izeneko erakusketa jarri du, abuztuaren 30era arte ikusgai izango dena.

Alfonso Ascuncek testu baten bidez erakusketaren nondik norakoak azaldu nahi izan ditu, honela: Tarte bat. Azken finean, guztia tarte bat da. Ona, txarra edo erdipurdikoa, hori gutxienekoa da, izan daiteke kalifikaziorik ere ez edukitzea.
Harritzen nau Pipa ikusteak, harrigarria da nola jokatzen duen katu bat ikusten duenean. Nola lazten zaion ilea, nola asaldatzen den. Ze bizirik sentitzen den, zalantzarik gabe. Edo burdin hesi baten atzean txakur batekin topo egiten duenean, nola jokatzen duten biek, eta zein lasai geratzen diren burdin hesia desagertzen denean. Bitxia da zer gutxi aukeratzen duen ulertzea —aukeratzen duenean—, eta felido gaixoekiko duen jarrera hori hein handi batean berez datorkiola.
Pertsonekin ere hori bera gertatzen da: gutxi aukeratzen dugu. Gauza gehienak berez datozkigu, zerbait hautatzen dugunaren ilusioa tartean dagoen arren.
Margotzen dudanean, gerta daitekeena garrantzitsua da niretzat. Izan ere, amaieran izaten den hori bestelakoa izan zitekeen. Eta hori ere apur bat lasaitzen nauen ilusio bat da.
Korapiloa, bukaera, hasiera, lineala denaren aurrean zirkularra dena nork bere gain hartzea baino ez da. Aurreko erakusketa baten jarraipena ere bada: hasiera, bukaera, korapiloa.
Estudioan, nerbio- eta digestio-sistemetan zerbait aldatzea da garrantzitsuena. Horrelako zerbait, egiten dudan guztia ongi baitago, eta nahikoa baita. Gero, margolanak ikusiak izateko beharra dago. Uste dut, berez, itxurazko behar bat baino ez dela.
Baina hori ere, Pipari katuekin gertatzen zaion moduan, berez datorkit.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button