
Tractora kooperatibak Bianca Hlywa artista kanadarraren Mute Track erakusketaren itxiera ospatuko du urriaren 30ean, ostiral honetan.
Instalazioa irailaren 20an inauguratu zen eta Labayruko Merkatuaren beheko solairuan dago ikusgai, 40 urtez jendearentzat itxita egon den espazio batean. Labayruko Merkatua 1966an inauguratu zen eta jarduera gune garrantzitsua izan zen, postuz betetako bi solairurekin. Gaur egun, postu horietako bostek bakarrik jarraitzen dute aktibo goiko solairuan, eta erakusketa honi esker lortu dute merkatua berriro beste modu baten aktibatzea.
Bianca Hlywak SCOBY-a (Symbiotic Culture Of Bacteria and Yeast esan nahi duen akronimoa), kombucharen onddoa bezala ezagutzen dena, erabiltzen du instalazio artistikoak sortzeko. Eskala handietan baliatzen du eta horrek egiten du bere lana berezi. Mute Tracken, SCOBYek 1,8 metroko neurriak hartzen dituzte zatirik zabalenean eta, era berean, mugimenduan jartzen ditu, modu automatizatuan kontrolatutako motor industrialen bidez. Ariketa artistiko honek erronka filosofiko bat planteatzen dio ikusleari, erronka estetikoaz gain, bizitza edo ez-bizitza gisa sailkatzen zaila diren piezak baitira.
Erakusketa ikusteko bisitak talde txikietan egingo dira. Horretarako aldez aurretik eskatu beharko da hitzordua formulario honen bidez.



