
Bihar, maiatzaren 12an, 11:30ean, Donostiako Kaxilda liburu-dendan, Ainhoa Alberdi, Joseba Roldan eta Oier Guillanek Mr Señora (Txalaparta) liburuaren irakurketa dramatizatua egingo dute. Une berean, aurkezpenean, Oier Guillan (idazlea) eta Idoia Beratarbide (irudigilea) izango dira.
Wikipediaren arabera, “Ileordea edo bilordea ile sintetikoz zein naturalaz egindako ordezko adatsa da. Buruan jartzen da eta arrazoi estetikoengatik erabiltzen da. Gizon-emakume askok janzten dituzte ile-galera disimulatzeko”. Baina, batzuetan, disimulatzeko egin beharrean, bakardadeaz, norberekeriaz, heterosexualitateaz, minaz, jeloskortasunaz edota sudurreko ileez hitz egiteko janzten ditugu ileordeak eta armairutik ateratzen gara.
Lan honetan, umoretik, ironiatik, elkartasunetik eta proboziorako gogotik sortu eta pentsamendu bakarraren kontra idatzitako zazpi antzezlan bildu dira.
Oier Guillan (Larratxo, 1975) idazlea, kazetaria eta antzerkigilea da eta Mikelazulo kultur elkartearekin lotura handia du eta Metrokoadroka kolektiboko kidea da. Literaturan Eskuen sustraiak, Herio heroi/Arra.Arraroa, Hura ez da lekua eta Elkartasun basatia ditu azken lanak.