
Iñaki Irasizabalek argitaratu duen azken lanaren izenburua duzue goiko hori. Durangon jaioa den Irasizabalek Burua txoriz beterik, Mendaroko txokolatea, edota Gu bezalako heroiak lanak egin ditu, eta orain, pederasta baten peskizan arituko da. Lan hori eta Agustin Fernandezek idatzi duen Elurte amaiezina (Elkar) jaso ditugu gure bulegoan.
Eleberrian, susmagarri nagusiaren laguna da aita, eta “jakinaren gainean ez ikusiarena egiteaz salatuko dute; errugabetzat jotzen duten arren, goitik behera aldatuko da etxekoen bizimodua: aitak atzerrian lan egiteko eskaintza bat onartu eta ospa egiten du; ama guztiz abailduta dabil, psikologo eta pilulen laguntza beharrean; gainera, biktima baten ingurukoek, mendekua hartzeko, anaia txikia harrapatuko dute kotxez, nahita. Beste bi neba-arreba geratzen dira, beren artean harreman esturik ez duten arren, nolabaiteko defentsa antolatu beharko dutenak. Edo erasora pasa…”. Abiadura handiko lan baten aurrean izango da irakurlea.
Eta Agustin Fernandezek idatzi duen (Xabier Aranbururen itzulpena) Elurte amaiezina izenekoan, beldurra eta terrorea izango da nagusi. “Bost laguneko talde bat mendian galdutako ostatu batera doa, hango bakardadean beldurrezko telesail baten gidoiak idazteko. Iritsi bezain laster elurra hasiko du, eta elurte gogorrak guztiz isolaturik utziko ditu, ez argindarrik, ez telefonorik, ez internetik, ez ezer. Denbora pasatzeko eta beren lana betetzeko, terrorezko istorioak hasten dira asmatzen eta elkarri kontatzen, sutondoan. Terrore benetakoa, ordea, etxean bertan daukate zain, baita inguratzen dituen zuritasun amaigabe horretan ere…”



