
Gaur, ekainak 30, Balmasedako Udalak eta Enkarterrietako Museoak hainbat ekitaldi antolatu dituzte María Dapena artistaren inguruan. Ekitaldi horiekin “artista horren irudia berreskuratu nahi da, memorian gera dadin”.
Ekitaldi horien barruan, gaur berton, 19:00etan, María Franciska Dapena Lorategiak inauguratuko dira. Lorategiak Horkasitas Jauregian daude, herrigunean bertan, eta une horretatik aurrera artistaren izena izango dute.
Ondoren, 19:30ean, Mari Dapena eta Balmaseda izeneko erakusketa inauguratuko da Balmasedako Historiaren Museoan. Artista balmasedarren bilduma partikularretatik ekarritako margolan asko ikusi ahalko dira erakusketan (horien artean Andrés Fernández Estalayo bildumagilearenak nabarmendu behar dira).
Mari Dapena (1924-1955) artista konprometitua eta polifazetikoa izan zen. Margolari, grabadore, eskultore, idazle…jarduera anitzeko artista zen, Bizkaiak XX. mendean eman duen artistarik garrantzitsuenetarikoa izan da. Artista honen bizitzan artea eta frankismoaren aurkako borroka uztartu ziren, bere kide artisten bizitzan gertatu zen bezala: Ismael Fidalgo, Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco, Blas de Otero edo Gabriel Aresti.
1956an egin zen lehenengoetariko erakusketa ibiltarian, berak parte hartu zuen, bai eta frankismoaren aurkako borrokan Bizkaiko Estampa Popular delako mugimenduan ere. Emen taldean ibili zen, eta gerorago Indar taldean ere bai.
Frankismoaren aurkako borrokan jarduteagatik 1962.urtetik 1964.urtera arte kartzelaratua izan zen. Eta bere garaian, feminismoa, ekologismoa eta gizarte konpromisoaren aldeko aldarriak ere egin zituen.