ESZENA

“Hautsa” eta “Reencuentro” koreografiak, Azpeitian eta Errenterian

XII. Dantza Zirkuituaren programazioaren baitan, Parasite Kolektiboaren Hautsa eta Choni Cía. Flamenca-ren Reencuentro proposamen koreografikoak ikusi ahalko dira Azpeitian (ostiralean) eta Errenterian (igandean).

Parasite Kolektiboaren Hautsa une eszenikoen collage bat da. Mugimendua, testua, irudia, musika, diseinua, bideo-proiekzioa eta argiak elkarrekin nahastu eta elkarri laguntzen diote pieza poetiko eta sentsorial hau biziarazteko. Euskal Herriko trantsizioko gizarte aberatsak jartzen dio atzeko oihala Unai eta Garazi anai-arreben –lanaren antzezleak– bizitzan oinarritutako istorioari. Parasite Kolektiboa lau artisten ekimena da (David Alkorta, Garazi eta Unai Lopez de Armentia eta Hannah Whelan), eta euren bizimodua eta zergatik bizi diren horrela aztertzeko gogoak elkartu ditu. Azterketa horren fruituak antzerki bihurtzen dituzte.

Beste aldetik, Asunción Pérez Chonik Mario Mayaren eta Eva Yerbabuenaren konpainietan ekin zion ibilbide profesionalari. 2007an bere konpainia sortzea erabaki eta arrakasta osoz estreinatu zuen bere lehen ikuskizuna, Tejidos al Tiempo (Denborari Ehunduak) izenekoa. Orain, Errenterian egingo du Reencuentro. Honela definitzen du artistak lanaren nondik norakoa: “ Nire arte-esperientzietako bakoitzean, zapore berezia utzi didaten une xarmagarriak sortu dira. Horietako bakoitzari esker naiz gaur egun naizena. Beti pentsatu dut errezeta baten osagaiak ongi nahasteak dakarrela arrakasta; eta arrakastaren atzetik inoiz ibili ez naizen arren, errezeta berezi baterako osagaiak bilatu nahi ditut. Sentsazio eta zirrara xarmagarri, berezi, aparta horiek bizi nahi ditut berriro ere. Eta, horretarako, zirrara horiek eragin zizkidaten pertsonekin berriz elkartzea baino ez daukat. Hortik dator Berrelkartzea. Nigan zirrara berezia, aparta, bakarra eragiten duten pertsona guztiekin eta bakoitzarekin eszenarioan bertan berriz elkartzea. Eta berriz ere arriskuak hartzea, eta berriz ere hunkitzea, eta berriz ere sentitzea…”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button