
Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Trapagarango Udalak Burdinazko emakumeak izeneko erakusketa bat paratu du abuztuaren amaiera arte. Erakusketa horrek emakumeek gure Lurralde Historikoan meatzaritzaren historian izan duten rolari ikusgarritasuna eman nahi dio. Erakusketarekin batera liburu bat ere prestatu da.
Burdinazko emakumeei omenaldia egitea beharrezkotzat jo dute bertan, “ikusezin bihurtu den hori argitzea, hala nola emakume horien ekarpena, lana eta bizitza, senarren lanaren ondorioz beti itzalita geratzen baitzen. Burdinazko emakumeek meategietan lan egin zuten, eta, horretan zihardutenak gutxi izan arren, gero bestelako lana burutu behar zituzten euren bizkar gainean zorigaiztoko etxe haien zama, betiere pertsonentzat bainoago animalientzat pentsatua zegoen ustiapen ekonomikoko sistema baten pean”.
Hortaz, emakumeek Bizkaiko meatzaritzaren historian bizi zuten errealitatea, bai eta berton ere langile sindikatuen mugimenduaren sorreran izan zuten garrantzia ezkutuan egon dira, eta orain, argitara ateratzeko unea heldu da.
Burdinazko emakumeak: historia eta memoria izeneko proiektuan, euren lankidetza eskaini dute Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak (argazki-artxiboak eta objektuak) eta AHOAk.