
Hamar urtez Lizarrietako kaskoan musika ospatu eta gero, Usopop elkarteak bide berriak deskubritzea deliberatu du. Bi urte eta zenbait ezusteko eta oztopo gainditu eta gero, hemen da energia guztiak pil-pilean jartzen dituen proiektua: Mapa Galduak.
Mapa Galduak titulupean makina bat kontzertu programatu dira, Sarako Herriko plazan, urriaren 28, 29 eta 30ean. Bertan honako talde hauek izango dira: Vulk, Mugarri 25, Herman Dune, Just Mustard, Mursego, Tarta Relena, Lukiek, Zeharkako Bideak, Zetkin, Kurtney Barnetx, Nomadak Gaitun! eta Tirri & Tery.
Musika eta kontzertuak izan dira beti Usopop elkartearen oinarria baina ez bakarrik. Bi momentu interesgarri izango dira asteburu horretan zehar: Mugarri 25 sorkuntza berezia. Etxeko zigiluko eta jatorri ezberdinetatik etorritako artista egonaldi bat izango da. Emanaldia urriaren 30an izango da parte hartzaileekin; eta Zeharkako Bideak, herrian zehar ibilaraziko gaituen ibilaldi sekretu bat, urriaren 29an.
Hiru egunetako sartzeak gaurdanik aurki ditzakezue, baina adi ibili Zeharkako Bideak ibilaldian parte hartzeko kopurua mugatua da.