MUSIKA

Kaiola festibala, musika eta esperimentazioa

Galdakaoko Torrezabal kultur etxean, ekainaren 3 eta 4an, Kaiola festibala egingo da, musikarik esperimentalenaren nondik norakoak erakusteko. Aurtengoa seigarren edizioa izango da.

Festibala asteburuan izango da Torrezabal kultur etxean, eta egunero lau proiektuk joko dute. Ateak 20:00etan irekiko dira, kontzertuak 20:30ean hasteko, eta ikusleak zutik egongo dira, jatorrizko formatura itzuliz.

Honako artista hauek izango ditugu: Oren Ambarchi & Crys Cole, Marcia Bassett & Samara Lubelski, Francois J. Bonnet & Stephen O’Malley, Chris Corsano & Dennis Tyfus, Eyvind Kang & Jessika Kenney eta Mazen Kerbaj, ostiralean. Eta larunbatean, Chris Corsano & Leila Bordreuil & Luke Stewart eta William Parker & Hamid Drake.

Antolatzaileek adierazi duten moduan, “Batzuk ez dute sekula jo elkarrekin; euren biretan dabiltza Europan bakoitza bere aldetik eta Galdakaon elkartuko dira. Ez Washingtonen, ez New Yorken, ez Chicagon ez beste inon ez dute halako kontzerturik egin, eta Galdakaon egingo dute. Elkarren ondoan jarri, elkarri begiratu, eta ea bideak nora eramaten dituzten. Kontzertu bakarrak izango dira, errepikatzea ezinezkoa izango direnak”

Nazioarteko eszenan ibilbide luzeko musikariak dira guztiak, molde anitzetan esperimentatzen dituztenak, hala nola free-jazza, inprobisazioa, elektroakustika eta soinuaren esperimentazioan. Hortaz, egingo dituzten kontzertuak errepikaezinak izango dira, inprobisaziotik abiatuko baitira.

Gogoan hartu, ekainaren 3 eta 4an, Kaiola festibala, Galdakaon.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button