IKUS-ENTZUN

Arkitekturaz, hirigintzaz eta diseinuaz gozatzeko aukera

Zinemaren bidez, arkitekturaz, hirigintzaz eta diseinuaz gozatzeko aukera izango da hil honetan, Nafarroako Filmotekan. Filmak asteazkenero proiektatuko dira, eta ondoren eztabaida laburra egingo da.

Zinemaren ikuspegi zabalaren bidez, azken urteotan gai horri buruz egindako film eta dokumental onenetako batzuk ikusteko aukera izango da. Lan guztiek arkitektura, diseinua, artea eta hirigintza modu ezberdinean erakusten dituzte.
“Bizitzea, oroimena, legatua, lurraldea, giza eskalako diseinua… Gai horiek guztiak sartzen dira arkitektura-gertaeraren erdigunean pertsona sumatzen duen erakusketa honetan”.

Finlandiarako bidaia proposatuko du lehen lanak, Eskandinaviako diseinuaren eta mugimendu modernoa ezagutzeko. Oskar Alegriak egindako Zumiriki ikusiko da gero. Amerikako mendebaldeko paisaia zabalean, Chloe Zahoren filmaz gozatzeko aukera egongo da. Eta Luis Barragan arkitekto mexikarraren lanari buruzko thriller liluragarri batekin amaituko da zikloa.

Eta esandakoa, bihar, lehen saioa, Virpi Suutari zuzendariaren Aalto izeneko filmarekin. “Europako Mugimendu Modernoko arkitekto garrantzitsuenetariko bat bere lehen emaztearekin, Ainorekin, duen harreman profesionalaren nahiz sentimentalaren narraziotik abiatzen da, mundu osoko eraikin garrantzitsuenetan barrena ibilbide zinematografikoa egiteko.”

Lan guztien gaineko informazioa Nafarroako Filmotekak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button