
Pamiela argitaletxeak, Aintzane Usandizagak eta Aran Santamariak burutu duten Esther Ferrer eta Denbora. (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke izeneko lana kaleratu du.
“Batzuetan, askotan, gauzak ez dira nik nahi dudan lekuan bukatzen… … guraizeak hartzen ditut halakoetan: kris-kraus! Erraza da nondik moztu argi badaukazu”.
Pamileak bidalitako oharrean honakoa irakurri dugu: “Aintzane Usandizagaren hitzen eta Aran Santamariaren irudien bitartez josten den kontaketa bat da. Bere oinarrian Esther Ferrer artistak denboraren inguruan egindako lanak daude, eta modu jostagarri eta ederrean hauek ezagutaraztea da liburuaren helburua.
Esther Ferrer Euskal Herriko artista garrantzitsuenetakoa da eta maiz landu zituen denbora bezalako kontzeptuak, aldi berean abstraktuak eta oso egunerokoak direnak.
Esther Ferrerren estetika gogorarazi dezakeen collagezko muntaia eta hitz dantzarien bidez, denbora harrapatzeko ahaleginetan murgilduko da irakurlea.”
Esther Ferrer (Donostia, 1937) Euskal Herriko artista da. Egun Parisen bizi da. Nazioartean erreferentea da, eta performancearen, eskulturaren edo instalazioen esparruan garatzen du bere lana. Bere lan artistikoa 1960ko hamarkadako praktika feminista, minimalismo eta ekintzaren artetik sortu ziren mutazioen barruan kokatzen da.



