Euskal Herriko hainbat sortzailek osatutako Taupaka Elkarteak Durangoko Azokan aurkeztuko duen lanen zerrenda zabaldu du; lan guztiak autoekoizpenak.
Elkartearen arabera, “Den-denak autoekoizpenaren aldeko apustua egin eta lizentzia irekiak erabiltzen dituztenak (creative commons, copyleft,…). Dagoeneko elkarteak 5 urte bete ditu eta 40 sortzaile baino gehiago daude bertan, ohiko argitaletxe eta disketxeentzat alternatiba duina eta egonkorra osatuz”.
Hauexek dira plataformak salgai izango dituen diskoak: Solte, Ixa; ZeinDaZein, Elefante Txuria; Siroka, Ura; La Basu, Izotz Erregina; 121 Krew, Mahatsen denbora eta Azken afaria lan bikoitza; eta azkenik, Gorka Suaia & Kimo Soundz, Piztu.
Grabazio horiez gainera, liburu bat ere izango dute: Rayco Sanchez autorearen Opio Errebeldea, futbolari eta gizarte konpromisoari buruzkoa.
Amaitzeko, Taupakak iragarri du sortzaileei zuzendutako online egitasmo bat ere eramango duela Durangora: www.sortzaileaskeak.eus webgunea. “Webgune berriaren asmoa lizentzia irekian, euskaraz eta autoekoizpenean lan egiten duten sortzaileak biltzea da, antolatzaileentzako gida eraginkorra osatuz. Proiektu berritzailea, irekia, parte hartzailea eta ezberdina da”.