ESZENA

“Dantza Zirkuituak” bi ikuskizun eramango ditu Gasteizko antzokietara

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bitartez antolatzen duen XVI. Dantza Zirkuituak bi ikuskizun ekarriko ditu aste honetan Gasteizko antzokietara. Lehen hitzordua asteazkenean izango da, hilaren 4an: La Intrusa Danza konpainiak It’s a wrap (Kubrik is dead) koreografia eskainiko du Principal antzokian. Bigarrena ostiralean izango da, hilaren 6an: Danza Mobile eta Incubo Teatro taldeek El festín de los cuerpos lana aurkeztuko dute Felix Petite antzokian.

Lehen hitzorduan “Kubricken filmografiako sei pertsonaiek honen heriotzaren berri jasotzen dute. Orduan, beren nortasuna, existentzia eta beren dramari eta patuari forma ematen saiatuko dira, beren benetako sorkuntzari: beren niari”.
La Intrusa Danza arte-sorkuntza garaikideko konpainia da, Virginia Garciak eta Damian Muñozek 1996an sortua. 2015eko Dantza Sari Nazionala lortu zuten, sorkuntzaren modalitatean.

Danza Mobile eta Incubo Teatro taldeen proposamena da El festín de los cuerpos. Honakoa diote lanari buruz:  “Platonen babesean eta argitan, irrikaz eta itxaronaldi mugagabeez egina dirudien gure korapilo erotikoaren koreografia dantzatuko dugu. Gizakia animalia androgino gisa -bere beste erdia bilatzera kondenatua- azaltzen da, irudimenez eta ia umorez. Desira ospatzera bultzatzen gaitu horrek, eta jolasa soilik izan daiteke desira hori. Jolas serioegia, agian; beraz, arinkeriaz tratatzea erabaki genuen, filosofoak bere Oturuntza obran egin zuen bezala. Begiratzen eta ezagutzen gaituzten begiak aurkitzea, ukitzen eta ezagutzen gaituzten eskuak, izarren, zuhaitzen edo intsektuen materia beraz eginda gaudela gogorarazten digun gorputza. Gure oturuntzak gorputzen eta haien mugimenduaren eta aniztasunaren ospakizuna izan nahi du.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button