
Unibertsitateetako estilo ezberdinetako musika taldeak sustatzeko helburuz jaio zen Uni Sound Bilbao ekimenaren hirugarren edizioa apirilaren 10etik 13ra egingo da.
Lau egunez, musikako hainbat estilo (pop, RnB, lofi, garaje, rock, hipnopop, psikodelia, trip-hop, folk, shower music, cumbia eta abar) haizatuko dira hiriko zenbait espaziotan, arratsaldez eta gauez. “Artistak bakarlariak nahiz taldeak izan daitezke, eta unibertsitatetik datoz, bai hemengoak bai kanpokoak: Madril, Bartzelona, Donejakue Compostelakoa, Iruñea, Granada, Asturias, Irun, Bordele eta Granada”.
Kontzertuak eskaini ohi dituzten lokaletan ez ezik (Bilborock, Muelle, Shake! eta High), unibertsitateetako espazioak erabiliko dira, hala nola EHUren Bizkaia Aretoa eta Deustuko Unibertsitatea; baita espazio berriak ere, hala nola Zabalburu ikastetxea. Gainera, kultur espazioetan emanaldiak egongo dira (BBK aretoa), eta leku bitxi batzuetan ere bai: Euskotrenen Zazpi Kaleetako geltokiko halla, eta B Cool Hostel-eko teilatua.
Arituko diren taldeetako batzuk, Bum Motion Club (Madril), Sara Zozaya (Donostia), Mi Buenaventura (Bilbo), A1Goldie (Iruñea), Airu (Bilbo), Adriana Proenza (Asturias) Pinpilipusies (Katalunia-Euskal Herria), Baywaves (Madril), Eneritz Furyak (Irun), Melenas (Iruñea) edo Poumon (Bordele) izango dira.